2012-01-26 EAJ-PNV
Euskadiko hiru Kutxek Kutxabanken Administrazio Kontseilua 15 kiderekin osatzea erabaki zuten joan den abenduaren 30ean. Onartutako arauak beteaz, Kutxabank abiaraztea zen egin beharrekoa; haren zuzendaritza eta erabakiak hartu beharko zituen kontseilua ahalik eta adostasunik zabalenaz izendatzea izan zen xedea. Eta oinarria sendo kontserbatzeko asmoaz hastea, alegia, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko Bankuen artean, kaudimen eta efizientzia mailarik gorenetakoa mantentzea.
Azken urte hauetan, finantza arloan aldaketa sakonak gertatu dira eta gertatzen ari dira. Merkatu maioristetan dirua lortzeko gero eta arazo gehiago izaten ari da. Kutxek, kutxa izateagatik, baliabide propioak handitzeko arazoak dituzte. Negozio arruntean margenak gero eta txikiagoak dira eta, beraz, zenbat eta margen eskasagoa orduan eta errentagarritasun urriagoa. Aldiz, gero eta zorrotzagoak dira kutxek bete beharreko arauak, eta bai Europar Batasunetik datozen irizpideak, bai Espainiako Bankuarenak norabide bera ezartzen diete kutxei: beren finantza-jarduera bankuen ereduetan oinarriarazten zaie.
Bestetik, gure erakundeen aspaldiko borondatea izan da Kutxak batzea, Gizarte Lana bermatu eta indartzeko, eta gure garapen ekonomiko eta sozialarentzat lagungarriagoa izateko.
Horrela, nahiz eta Kutxen bategiteak beste bi aldietan huts egin zuen alderdi politikoek alderdikeriaz jokatu zutelako, Kutxen batzarretako taldeen gehiengo zabal eta nabarmenaz atera zen aurrera bategitea aurreko 2011ko irailean.
Erabakitakoa beteaz, 2012ko urtarrilaren 1ean martxan jarri beharra zegoen Kutxabank bere Administrazio Kontseilua izendatuz eta hau, Kutxabanken gehiengo zabal horrek erabakitako arauen arabera egin zen. Hala eta guztiz ere, Kutxabankek etorkizun laburrean hartu behar dituen erabakiak kontutan izanik, eta erakunde berria indartzeko, komeni da Kutxak osatzen dituzten taldeen alderdikeriak alde batera utzi eta elkarrizketei berrekitea.
Irungo EAJ-PNV · EAJ-PNV de Irún | Lege oharra
San Juan Harria Plaza, 1 ∙ 20304 IRUN (Gipuzkoa) ∙ Tel.: 943 505 130 ∙ eaj.pnv@irun.org
Kale Nagusia, 11-1 ∙ 20304 IRUN ∙ Tel./faxa : 943 24 30 48 | batzokia@eaj-pnv-irun.com | RSS