2012-01-26 EAJ-PNV Udal Taldea
Atzo, hiri-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratuaren aldaketaren proposamena eraman zuen gobernu sozialistak Udalbatzara. EAJ-PNV Udal Taldeak, oposizioko gainerako taldeek bezala, proposamen horren aurka bozkatu zuen. Eta horretarako arrazoiak azaldu zituen taldeko bozeramaileak:
«Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren Talkako Planak bere lehenengo fasean, 2011n eta 2012an berehala eta epe laburrean egin beharreko ekintzen artean, garraio publikoaren sarea hobetzea du helburu, egungo sarearen estaldura eta zerbitzuaren kostuak mantenduz».
«Gobernuak egiten duen proposamenarekin kostuak mantentzearen helburua betetzen da. Hala ere, ezin da autobus lineen zerbitzuaren hobekuntza bere osotasunean baieztatu, ez baitugu ezagutzen nola geldituko diren azkenean Ekialdebuseko lineak. Horietan aurreikusten diren aldaketak ezagutzea ezinbestekoa da Irungo autobus zerbitzua, bere eskaintza orokorrean, nola geratuko den jakiteko».
«Onartu berri dugun protokoloak –aho batez onartu zen Gipuzkoako garraio publiko kolektiboan tarifa integratzeko sistema ezartzeko lankidetzarako protokolo orokorra–, garraio publikoaren sustapena eta koordinazioa errazteko eta Gipuzkoako lurraldean administrazioen arteko lankidetza onartzeko konpromisoa hartzera behartzen gaitu».
«Benetan, hau baldin bada jarrera, ez zaigu batere serioa iruditzen gaia nola garatu den Aldundiarekin izan beharreko koordinazioari dagokionean. Batzuen aldetik, besteen aldetik informazioa jaso dugu, batzuek diote, besteek esaten dute… baina inoiz ere ez da informazio ofiziala izan».
«Gainera, hiritarrentzat hain sentibera den gai honetan, auzo batzuetan gertatuko diren aldaketak aztertzeko denborarik eman ez dela dakigu, ezta gertueneko errealitatetik gobernuaren proposamena hobetuko luketen ekarpenak egiteko aukerarik ere».
«Udal Gobernua gai honekin azkarregi joan dela deritzogu. Guk denbora eskatzen dugu gauzak ondo egiteko baina, batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinazioa eskatzen dugu».
«Horrengatik guztiarengatik, gure botua proposamenaren aurkakoa izango da».
Irungo EAJ-PNV · EAJ-PNV de Irún | Lege oharra
San Juan Harria Plaza, 1 ∙ 20304 IRUN (Gipuzkoa) ∙ Tel.: 943 505 130 ∙ eaj.pnv@irun.org
Kale Nagusia, 11-1 ∙ 20304 IRUN ∙ Tel./faxa : 943 24 30 48 | batzokia@eaj-pnv-irun.com | RSS